XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Amodioak ez baldin bazezakeen exilioa eta herioa garait, zertarako zen bada? zion Sarak, bera halaber amodioz hirira joana, Unaxekin osoki ados.

Burutazio traumatikoetan zebilen noraezean gaurregun Sara, euriaren eror-musika lagun.

Autobus paratoki batean aterbetu zen neska, eta ilunean bikote bat susmatu zuen, bata-bestearen mihibila, hortzak kuskaraka, eskuak langile; Sarak pentsatu zuen larrua hor berean joko zutela.

Pentsamendu ximixta horretan Sararen begiek gizonarenak gurutzatu zituen, ideiak juntatu bailiran.

Emazteak papondoa hozkan ezartzen zuela, gizonaren behakoa gogorra zen:

Salope! entzun zuen Sarak eta karrikan behera lasterka abiatu zen, aixolbea tristeki abandonatuz, ahalgez beterik.

Salope hitza golkoan kolpeka zerabilkion, bere bakardadearen hobenduna izaitearen sentimendua areagotuz.

Salope, ni? oihukatzen zuen, sinetsezin, buruaren udalatzera jiten zitzaizkiola idazle, politikari, historialari, linguista eta artisten hizkuntza amankomunari zegozkion oharpenak: hizkuntzak batzen omen zituen jendeak, iragan komunaren mitoa aitzinatzen zuten Sararen mintzoaren lurraren azaletik ezabatzeko, eta hara, hizkuntza hark soilik balio zuela mesprezuaren erraiteko, distantziaren eta bereizketa sozialaren seinalatzeko.

Hizkuntza goraipatuan, munduaren argi unibertsala baiki, Sarak ordreak, laidoak, erdainuak jasotzen zituen.

Gaineratikorik ez.

Isiltasunaren tentazioa are azkarrago zuen neskak.

Distantzia ber-bera zitekeen gauaren minean, begiak itxirik, geltoki ahantzietan masturbatzen ari ziren zaharren so kulpableak zeharkatzean, edo metroko jargietan emazte nahiz gizonek kideen zakilak goseti murtxatzen begiztatzen zirenean, arpegiak inguratuz.